Merkataritzaren sektoreko langileek begi onez ikusten dute Eusko Jaurlaritzaren ‘+Euskadi 09’ planaMerkataritzaren sektoreko langileek begi onez ikusten dute Eusko Jaurlaritzaren ‘+Euskadi 09’ planaMerkataritzaren sektoreko langileek begi onez ikusten dute Eusko Jaurlaritzaren ‘+Euskadi 09’ plana
Egile:
GESTION
Edizio:
10
Argitaratuta:
2009/10/26 00:00:00
Krisi ekonomiko garaian murgildurik, mundu osoko eta baita Europako gobernuek ere arazo honetatik ateratzeko plan bereziak atera dituzte azken hilabete hauetan. Euskal Autonomia Erkidegoaren kasua ez da salbuespena, izan ere, duela gutxi Patxi Lopez Lehendakariaren gobernuak ´+Euskadi 09´ ekimena abian ipini baitu.
Plan horren barruan, Eusko Jaurlaritzak 6 milioi euro bideratu ditu merkataritzaren sektorea dinamizatzeko. Jaurlaritzaren Kontseiluak onarturiko ekimen horretan hainbat norabide jorratzen dira: hiri-inguruneak dinamizatzea; merkataritzaren sektorean, ostalaritzan eta jatetxeen arloan kontratazioa sustatzea; altzariak erosteko laguntza; komunikazio-kanpaina bat kontsumitzaileen konfiantza-indizea hobetzeko; eta beste kanpaina bat saltokietan kalitatea sustatzeko bezeroaren arretari dagokionez.
Baina, krisi ekonomikoaz gain, badira Euskal Autonomia Erkidegoko merkataritzan azken urteetan eta momentu honetan ondorio txarrak ekarri dituzten beste arazo batzuk ere. Donostiaren kasuan, adibidez, Bretxa azoka eraberritzea, Garbera merkatarita gunea eraikitzea duela hamabi urte, Gipuzkoako hiriburuan egiten ari diren obrak edota behi eroen arazoa aipa daitezke, beste batzuen artean.
Merkataritza txikiko eta ertaineko merkatariek zein ikuspuntu duten jakiteko eta euren testigantzak entzuteko asmoz, LANABESA Donostiako zenbait saltegietan aritu da “+Euskadi 09” planari buruz galdezka, gaur egungo benetako egoera zein den lehen pertsonan ikusteko.
Donostia, hiri txikia gisa hartzen dugun arren, merkataritzaren sektorean arazo ugari aurki daitezke edozein bazterretan. Hori horrela izanda, duela urte batzuk egindako Bretxa azokaren eraberritzeak, oraingo krisiarekin batera, inguruko dendei ondorio txarrak ekarri dizkie azken urte hauetan. Hala azaltzen du, behintzat, Idoia Odriozola euskal jantziak saltzen dituen dendako arduradunak: “Bretxaren eraberritzearekin asko nabaritzen ari da sektorearen egoera. Ostalaritza sektorea, hoberen dabilen sektorea izanda, kexatzen ari da. Beraz, ostalaritza gaizki badabil, denok gabiltza gaizki. Kate bat da”.
Idoia Odriozolak 15-18 urte daramatza bere onbidearekin, “baina inoiz ez naiz honelako hain egoera gogorrean egon. Bretxako obrekin garai txarra igaro genuen, baina denboraldi laburra izan zen”, azpimarratzen du krisi ekonomikoaz galdetuta.
Hori horrela izanda, Eusko Jaurlaritzak bultzaturiko planarekin ados dago Idoia Odriozola: “Merkataritza suspertzeko egiten den guztiarekin ados nago. Momentu honetan merkataritza zonalde honetan nahiko geldirik, nahiko ukiturik, dago. Krisia, aparkatzeko toki-falta… dena nabaritzen ari da. Gutxi gorabehera otsailetik aurrera ari naiz nabaritzen krisia”. Izan ere, aipatzekoa da Bretxa Donostiako alde zaharrean dagoela, jende gehien biltzen den tokian.
Merkataritza gune handiak
Gipuzkoako hiriburuko beste auzo batean aurki daitekeen egoera oso antzekoa da, baina kasu honetan Garbera merkataritza guneak sortu zuen duela hamabi urte eraiki zenean. Izan ere, garai horretan, Altza auzoko merkataritzaren %50 desagertu egin zen. Orain, gainera, Unibal Rodamco Garberako nagusietako batek eremua zabaldu nahi du, 36.000 metro karratutik 54.500era handituz, eta horretarako proiektu bat aurkeztu du.
Plana aurrera atera nahi dutenek zenbait hedabidetan aditzera eman dutenez, lanpostuak sortzeaz gain, “proiektua positiboa izango da hiriarentzat, Donostiako merkataritzaren erakargarritasuna indartu egingo duelako”. Horrez gain, tokian tokiko merkataritza “aliatu gisa” izan nahi dute, eta “enpresak nahi duena da bezero donostiarra fidelizatzea eta kanpotik datozenek edozein dendatan eros dezaten lortzea da, bai merkataritza guneko dendetan eta baita hiriko denda tradizionaletan ere”.
Horren guztiaren aurrean, kontrako iritziak ez dira isildu. Politikariek eta “SShops Donostia-San Sebastian” hiriko merkatarien elkarteak beraien kontrako iritzia azaldu dute, beste zenbait arrazoiren artean, “merkataritza txikia oso kalteturik atera daitekeelako”.
Garberaren kontua dela-eta, Altzan dagoen Inaxio Harategiko arduradunak adierazten duenez, “Garbera egin zutenean nabaritu egin zen. Urte dezente daramatza eta orain, gainera, handitu nahi dutela ari dira esaten. Dena den, beraiek ere ari dira krisia nabaritzen”.
Horrela, Inaxio ere Eusko Jaurlaritzak merkataritzaren sektorea dinamizatzeko atera duen planarekin ados azaltzen da, izan ere, “orain arte laguntza guztiak merkataritza gune handiek izan dituzte eta horrek mina egiten digu”.
Beste alde batetik, momentuko egoera txarra krisiaren ondoriozkoa dela nabarmentzen du Inaxio Harategiko arduradunak.
“Momentu honetan merkataritza gaizki dago. Urtearen hasieran jaitsi egin zela nabaritu zen, baina uztailean, abuztuan eta, gehienbat irailean, asko jaitsi da. Krisiarengatik dela uste dut, baina momentu honetan oporren itzulera nabaritzen da”. Halaber, “1994. urtetik ari gara hemen lanean, eta inoiz ez dugu honelako egoerarik ezagutu”.
Egoera txarra toki guztietan berdin dagoen jakiteko, Inaxiok beste harakinekin hitz egin duela azaldu du, eta “denak daude egoera berberean”. Horrekin batera, atzera begirada bat ere botatzen du, baina ez duel egoera txarragorik ezagutu dio: “Beherakadak izan ditugu, behi eroekin ere beherakada izan genuen, baina oraingoa okerragoa ari da izaten, garai horretan txahala kontsumitzen ez bazen ere txerriak, oilaskoak eta beste produktu batzuk kontsumitzen baitziren”.
Hirietako obren arazoak
Egun merkataritzaren sektoreak duen beste arazoetako bat hirietan etengabe egiten ari diren obrak dira. Hala ikusten du, behintzat El Quijote tabernako arduradunak. “Egoera oso txarra da. Obrak amaitzen diren arte negozioa ez da normal arituko”, azpimarratu du. Izan ere, taberna dagoen tokian lau hilabete daramatzate obretan, lurra altxatzen eta kaleak eraberritzen.
Horri krisiaren arazoa gehitzen bazaio, “hori ere asko nabaritzen ari baita”, askoz ere larriagoa bihurtzen du egoera. Horregatik “+Euskadi 09” ekimenarekin jarrera positiboa azaltzen du Manolok: “Behekoei laguntzeko egiten den guztiarekin ados nago, orain arte bankariei bakarrik eman baitzaie laguntza”.
Hala ere, eragozpen txiki bat ere jartzen du. Eusko Jaurlaritzaren neurriak irakurri ondoren, honako hau aipatzen du: “Adibide gisa, neurri horrek esaten duenarengatik nik ez dut makina bat aldatuko. Aldatuko dut matxuratzen denean, baina ez urtebete baldin badaramat makina horrekin”.
Gauzak horrela, argi dago, krisi ekonomikoaz gain, galdetutako hiru merkatariek arazo ezberdinak dituztela euren saltokia aurrera ateratzeko orduan, baina hirurek begi onez ikusten dute Eusko Jaurlaritzak ateratako “+Euskadi 09” ekimena, beti ere egun nahiko babesik gabe dagoen merkataritzaren sektorea laguntzeko baldin bada. Sektorea, beraz, aurrera doa.