BBK Gazte Lanbidean-ek eta CEBEKek enpresetan praktikak egiteko 100 bekatarako deia egin dute
Egile:
GESTION
Argitaratuta:
2009/11/25 00:00:00
Gazte Lanbidean-ek eta Bizkaiko Enpresarien Konfederazioak Bizkaiko gazte langabetuentzako 100 bekako programa berria aurkeztu dute, CEBEKeko enpresa kideetan praktikak egin ditzaten. Bekek Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomi Sustapena Sailaren laguntza jaso dute, eta 35 urtetik beherako gazteen lanbide-profila (45 urtera artekoak, emakumeak izanez gero) sendotzea dute helburu. Horretarako, enpresa-munduarekin jarriko dituzte harreman zuzenean.
José María Vázquez Eguskizak, CEBEKeko presidenteak, eta Juan Sáenz de Buruagak, BBK-ko zuzendari nagusiak, hitzarmenaren xehetasunak azaldu dituzte kutxak Bilbon duen egoitza nagusian. Vázquez Eguskizak nabarmendu zuenez, “lortutako prestakuntzaren eta enpresek benetan behar duten trebakuntzaren arteko aldea estaltzea da helburua, laneratzea errazagoa izan dadin”. Era berean, aurreko deialdietako parte-hartzaileen %61 lanean hasi zela adierazi du. Bestetik, Juan Sáenz de Buruagak nabarmendu zuenez, BBKren 275.000 euro jasotzen dituzten bekak “bat datoz BBK Gazte Lanbidean-eko ekintza-lerroetako batekin, fundazioak autoenplegurako proiektuak finantzatzen dituelako eta, horrez gain, gazteen lanbide-gaitasunak sendotu eta euren lan-ibilbidea berbideratzen duelako”.
Beken zuzkidura 2.210na eurokoa izango da; eta batez besteko iraupena, 6 hilekoa. Goizeko lau lanalditan garatuko dira, eta asteko iraupena 30 ordukoa izango da. Asteko bosgarren egunean, ordea, CEBEKek antolatutako prestakuntza-ikastaroak emango dira, eta BBK-ko bekadunak derrigorrean joan beharko dira bertara. Beken programan parte hartzen dutenek enpresako bertako tutorea izango dute, praktikak behar bezala garatzen direla ziurtatzeko.
Programan parte hartu nahi izanez gero, hona hemen eskatzaileek bete beharko dituzten eskakizunak: langabezian egotea; Bilbon bizitzea; lizentziatura edo unibertsitateko goi-mailako titulua edukitzea edo diplomatura edo unibertsitateko erdi-mailako titulua edukitzea edo goi edo erdi mailako prestakuntza-zikloa edukitzea; eta BBK Gazte Lanbidean-ek finantzatutako beste praktika-programa batean aurretiaz parte hartu ez izana. Horrez gain, titulazio lortu berriei eta euren titulazioaren arloan aurretiazko lan-harremanik eduki ez dutenei emango zaie lehentasuna.
BBK Gazte Lanbidean-ek gazteek bultzatutako enpresa-proiektuak finantzatzen ditu, eta, horrez gain, gazteak trebatzeko ahalegin handia egiten du ikastetxe eta enpresen laguntzaz. Era berean, euren prestakuntza-maila eta lanbide-profila hobetzen laguntzen die, apurka-apurka mundu akademikoa eta enpresa-mundua bateratuta.