Krisiari aurre egiteko neurriak
Egile:
GESTION
Edizio:
09
Argitaratuta:
2009/09/02 00:00:00
Patxi Lopez Lehendakariak Eusko Jaurlaritzaren Kontseilua zuzendu zuen Donostiako Miramar Jauregian. Lehendakariak, krisiak euskal ekonomiarekiko duen eragina gelditzeko asmotan abiatuko diren hainbat neurri ekonomiko iragarri zituen. Neurri sorta hau, heziketa, osasun eta trenbide-baliabideetara eta euskal enpresen finantziaziora bideratuko da batez ere.
Lopezek ekitaldi honekin Eusko Jaurlaritzaren urte politikoari hasiera eman zion Donostiako Miramar Jauregian izan zuen lehen Kontseiluarekin. Aurtengo egoera bereziki zaila dela baieztatu zuen, diru-bilketaren jaitsiera %23koa izan baita 2008ko datuekin alderatuta. “Ez dago horren murrizketa bortitza jasateko gai den aurrekonturik”, aitortu zuen Lehendakariak eta egungo egoerari aurre egiteko Jaurlaritzak dituen baliabideak “eskasak” direla gaineratu zuen. Aitzitik, horrek ez du galaraziko Lopezen hitzetan Jaurlaritzak “euskal hiritarren ongizatea eta bizi kalitatea hobetzeko” lan egiten jarraitzea.
Horretarako, hala ere, alderdi politiko eta eragile ekonomiko eta sozial guztien aldetik “ahalegin bateratua” eskatu zuen Lehendakariak. “Guztion laguntza beharrezkoa da. Ezin dugu utzi zenbaitzuek (enpresak edo pertsonak izanda ere) guztiok egindako ahalegina bereganatu dezaten beren aldetik ezer eman gabe”, berretsi zuen.
BALIABIDEAK, OSASUNA ETA ENPRESAK. Eusko Jaurlaritzaren lehen Kontseilu hau bukatzean Lehendakariak eman duen prentsaurrekoan krisiari aurre egiteko datozen hilabeteotan abiatuko diren neurriak aurkeztu ditu. Neurri hauek, lanbidea sortzea, ekonomia suspertzea eta, aipatu bezala, krisiaren eraginak arintzea izango dute helburu eta batez ere, krisi hau gehien pairatzen duten sektoreetara (eraikuntza, industria eta enpresak) bideratuko dira. Era berean, "murrizketak" ere egongo direla aitortu du eta baita "lehentasunezkoak ez diren" proiektuak oraingoz alde batera utziko direla.
Lopezek adierazi zuenez, aurten bertan abiatuko dira Abiadura Handiko Trenaren Gipuzkoako bideko 4 atal berriren eraikuntza lanak eta guztira 700 milioi euroko balioa izango duten beste 7 atal adostuko dira. Horrela, Jaurlaritzak urte bakarrean 954 milioi euro inbertituko ditu Euskal Autonomi Erkidegoarentzat horren garrantzitsua den baliabide honetan. Horrez gain, EAEko hiru hiriburuetan aurten bertan martxan jartzekoak diren beste lan batzuen berri eman zuen Lehendakariak: alde batetik, Bilboko Metroko 3. eta 4. lineen eraikuntza lanen hasiera, Donostiako Metro berriarena, Bilbo eta Leioako Unibertsitatea (EHU) lotuko dituen tranbiako linea eta Gasteizkoarenaren hedapena. Era berean, Eusko Jaurlaritzak euskal enpresei datozen hilabeteotan ere ematen jarraituko dien laguntza eta babesa azpimarratu nahi izan zuen. “Enpresek beharrezkoa duten finantziazioa eta likidezia izan dezaten egun jasotzen dituzten abalen kopurua handiko egingo dela” aurreratu zuen Lopezek. Enpresei laguntza eman eta bertoko produktuak atzerriratzeko orduan, SPRI, Industria Saila eta Kanpo Harremanetarako Idazkaritza ezinbestekoak izango direla baieztatu zuen. Helburua nagusiena da gure enpresek Asian, Txinan edota Indian lortutako emaitza nabarmenak ikusteko aukera izatea.