Elhuyar Fundazioak orain dela bi urte ekin zion bideo-jokogintzari.Tarte horretan Hiru mosketariak, Kao: sumendiko sekretua eta Armix baso magikoan eraman ditu kalera. Gabonei begira bi produktu berri argitaratu zituen arlo horretan: Armix Ilargian galduta eta Geografian aditu/aritu.
Armix Ilargian galdutak Armix baso magikoan bideo-jokoaren lekukoa hartu du. CD-ROM hori 7-10 urteko gazteei zuzenduta dago. Jolasen bidez, jokalariak matematikako, inguruaren ezaguerako eta hizkuntzako gaiak landuko ditu. Teknologiari dagokionez, hiru dimentsioko irudiez gain, jolasteko ere 3D-ko ingurunea izango du jokalariak. Joko horren demoa www.elhuyar.org/armix2 webgunean dago. Gainera, jokoari buruzko irudiak eta bideo bat ere bertan daude.
Geografian aditu/aritu bideo-jokoa, berriz, adin guztietako jokalarientzat pentsatuta dago. Brain training motako bideo-joko horrek munduko mapa politikoak eta fisikoak menderatzea eta euskarazko toponimoak zuzen idaztea ditu helburu. Bideo-joko horren demoa, irudiak eta bideoa ere webgunean daude: www.elhuyar.org/geografia. CD-ROM hori lau ataletan dago banatuta, eta bakoitzean trebetasuna erakusteko aukera izango du jokalariak: Non dago?, Izena ipini, Puzzlea eta Eskalak dira lau atalak.