“Kooperatiba garen heinean, gizarte erantzukizuna gure ardura da, eta berdintasuna sustatzea erantzukizun horren isla da”
Egile:
GESTION
Edizio:
42
Argitaratuta:
2009/07/17 00:00:00
ETEOk garatu duen Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasun Planak hauen arteko erabateko berdintasuna lortzeko helburua du. Ekimena aurrera ateratzeko Mondragon Unibertsitateko Enpresa Zientzien Fakultateko bederatzi lagun ari dira lanean. Eunate Elio da talde horren arduraduna eta elkarrizketa honetan planari, Bikain ziurtagiria eta euskarari, eta etorkizunerako pentsatuta dituzten proiektuei buruz hitz egiten du.
Nola sortu zen Berdintasun Plana?
Zentroak proiektuan parte hartzearen zergatien artean hauek azpimarratu nituzke: batetik, ETEOk harreman estua duela enpresa munduarekin; bestetik, fakultatean zein genero-egoera zegoen jakin nahi genuela; eta, azkenik, ETEOn enpresetako langile eta buru izango direnak prestatzen ari garela.
Ezinbestekoa dugu berdintasunean heztea gure enpresetako eta kooperatibetako buru izango diren pertsonak.
Emakundek berdintasun planak egiteko dirulaguntza deialdia ateratzen du urtero. 2008an aurkeztu ginen eta dirulaguntza jaso genuen, diagnostikoa eta plana egiteko.
Berdintasun diagnostikoa eta plana 2008ko urrian hasi ginen egiten, eta urte bukaeran amaitu. Orain planaren ezarpenarekin gaude lanean.
Zein da Berdintasun Planaren helburu nagusia?
Berdintasun Planaren azken helburua gizon eta emakumeen arteko erabateko berdintasuna lortzea da. Berdintasun Plana helburu hori lortzeko tresna bat da; kudeaketa prozesuak eta ohiturak hobetzeko erreminta estrategikoa. Lehenengo, egoeraren diagnosia egiten da hobetu beharreko arloak identifikatzeko.
Ondoren, hobetu beharreko arloak ipar gisa hartuta, lanean hastea, mantentzea eta garatzea posible egiten duten neurriak zehazten dira, beti ere, enpresako maila guztietan emakumeen eta gizonen parte hartze orekatua lortzeko helburuarekin.
Nola dago momentu honetan, berdintasunari dagokionez, Mondragon Unibertsitatea?
Diagnostikoa eta plana Enpresa Zientzien Fakultatean egin dira. Fakultateko diagnostikoaren ondorioak semaforo batean islatu genituen grafikoki, eta gure semaforoa berdea zen gai gehienetan. Beraz, fakultatea, berdintasunari dagokionez, ondo dagoela esan dezakegu. Langile eta ikasleen artean berdintasuna badagoela antzematen da, eta ez dago desberdintasunik gizon eta emakumeen arteko lan-baldintzetan. Gainera, emakumeen partehartzea kooperatibetan aztertzen duen ikerketa arloa era martxan dago fakultatean.
Landu beharreko gaien artean, aldiz, honakoak identifikatu ziren: berdintasunari buruzko sentsibilizazioa eta prestakuntza bultzatzea; bizitza pertsonala, familiakoa eta lanekoa bateratzea; emakumea kudeaketa-organoetan egotea sustatzea eta hizkuntza ez-sexista erabiltzea.
Enpresa Zientzien Fakultatea Berdintasun Plana abian jartzen duen EAEko lehen goi-mailako zentroa da. Zergatik ez da honelako ekimenik egin lehenago?
Enpresa Zientzien Fakultatean Berdintasun Plana abian jartzeko elementu egokiak bildu genituen momentu batean: berdintasunarekiko sentsibilitatea zuten pertsonak proiektua sustatzeko, lan talde egokia proiektua egiteko eta baliabide nahikoa prozesuari eusteko. Fakultate txikia izanik mota honetako proiektuak abiarazteko ahalmen gehiago dugu. Kooperatiba garen heinean ere, gizarte erantzukizuna gure ardura da, eta berdintasuna sustatzea erantzukizun horren isla da.
Nafarroako Unibertsitate Publikoak urte hasieran onartu zuen Berdintasun Plana eta Euskal Herriko Unibertsitateak, aldiz, berdintasuna sustatzeko zuzendaritza du. Deustuko unibertsitateak ere baditu genero gaiak lantzen dituzten ikerlariak. Berdintasun Planak egin ez badituzte ere, lan arloa martxan dute EAEko beste unibertsitateek ere.
Nola dago kontua Estatu mailan berdintasunari dagokionez?
Estatuan hainbat unibertsitatek badute Berdintasun Plana. Batzuk aipatzearren, Santiago de Compostelako Unibertsitateak, Sevillakoak, Valladolidekoak, Kantabriakoak edota Bartzelonako unibertsitateak. Bestalde, unibertsitate askok lantzen dute berdintasuna eta generoa. Batzuk berdintasun behatokiak, berdintasunari buruzko ikasketa espezifikoak edota berdintasuna sustatzeko bulegoak dituzte.
Beste alde batetik, Mondragon Unibertsitateko Enpresa Zientzien Fakultateak Bikain ziurtagiria eskuratzeko prozesua jarri du abian. Zer egiten ari zarete ziurtagiri hori lortzeko?
Mondragon Unibertsitatean, 2005/06an zehar (2006ko ekainean) Euskara Planaren Gestio Plana egin zen lehendabiziko aldiz, fakultate bakoitzak berea. Gestio Plan horren helburu nagusia euskara planaren sistema eratzea da, adierazle nagusi batzuk ezartzea eta oro har euskararen inguruko dinamika sortzea. ETEOk 2006an onartutako euskara planaren xedea bertako langileen artean euskara gehiago erabiltzea da, bai barrura eta bai kanpora begirako lan jarduera guztietan.
Plana onartu zenetik hiru urte pasa direnez, orain arte egindako lana kanpotik ebaluatzea aberasgarria izango zela pentsatu genuen. Horrela, Bikain ziurtagiria eskuratzeko ebaluazio prozesuak etorkizunean abian jarriko ditugun ekintzak planifikatzen lagunduko digu.
Nola dago momentu honetan euskararen erabilera Mondragon Unibertsitatean?
Lehen esan dudan bezala, Mondragon Unibertsitateko fakultate bakoitzak bere plana eratu zuen orain dela 3 urte, izan ere, zentro bakoitzak berezitasun zehatzak ditu. Gure kasuan ikasketa eredu eleanitza bultzatzen dugu. Euskararen presentzia ia erabatekoa da graduko ikasketetako lehen urteetan. Gaztelania eta atzerriko hizkuntzak espezializazioko urteetan hartzen dute garrantzia. Barrura begira, azken urteetan asko hobetu da euskararen erabilera: dokumentazio guztia euskaraz edo ele bitan dago eta harreman informalak eta instituzionalak euskaraz izatea sustatzen dugu.
Unibertsitateen artean, zer-nolako maila du, momentu honetan, Mondragonek Euskal Herriko eta Estatuko besteekin konparatuz?
Beste unibertsitateekin alderatuz, maila ona dela uste dugu. Datuak esanguratsuak dira: fakultateko langileen %95 elebiduna baita eta euskaraz ikasgaien erdiak baino gehiago ematen dira. Ikasleak ere ingurune euskaldunetatik datoz eta ia gehienak euskaldunak dira, beraz, ezinbestean eskaintza egoerari egokitu behar gatzaizkio. Berezko indar-gune hori aprobetxatu behar dugu, beraz.
Orain, hizkuntza kalitatea da kezkarik nagusia eta horretan dihardugu lanean. Gure ikasleek enpresarekin dituzten harremanak euskaraz izan daitezen sustatzea izango da etorkizuneko beste erronka bat, adibidez, karrera amaierako proiektuen bidez.
Zein beste proiektutan ari zarete lanean etorkizunera begira?
Berdintasuna eta euskara sustatzeko proiektuez gain, hainbat gai garrantzitsu ditugu eskuartean. Lehenik eta behin, gure ikasketak Europako Goi Hezkuntza Esparrura egokitu genituen aurreko ikasturtean, Bolognako prozesua izenez ezagutzen den proiektura.
Lehen unibertsitatea izan ginen Euskal Herrian eredu berrira egokitutako ikasketak eskaintzen. Gaur egun, proiektu horretan lanean dihardugu, ikaste-irakaste prozesuaren etengabeko berrikuntza gure unibertsitatearen adierazgarria baita. Bestetik, ikerketa arloa bultzatu nahi dugu, enpresen kudeaketa arloan erreferente izateko helburuz. Azkenik, zentroaren 50. urteurrena ospatzeko antolaketa lanetan gabiltza. ETEOk 50 urte beteko ditu 2010 urtean eta horrekin batera eraikuntza berria inauguratuko dugu Ońatin.